
“Gutxi dira euren burua eurek gobernatu baino bestek gobernatzea nahiago izateko bezain ergelak”.
Thomas Hobbes
Autodeterminazioak herri bati egiten dio erreferentzia. Autodeterminazio eskubidea etxeko jabetza izatea da. Hitzak berak esaten du: auto determinazioa, norberak determinatzea. Zeuk gobernatu ahal izatea zure herria, zure lurraldea, zure herritarrak, zure ekonomia eta abar. Zeuk bakarrik, zuk zerorrek gobernatu ahal izatea zeurea den hori, zeure burua. Horixe da autodeterminazioa.
Independentea den, aske bizi den herriak bere erabakiak hartzen ditu. Independentzia egoeran soilik autodeterminatzen dira herriak. Beraz, indenpendentea den herria autodeterminatuko da, eta autodeterminatzen den herria independentea da. Elkar loturik doaz bi kontzeptuak.
Maiz gertatzen da munduan, ordea, herri bat beste baten erabakietan sartzen dela, indarrez, biolentziaren bidez, bortizki; beste herri bat berak egin nahi ez dituen eta komeni ez zaizkion gauzak egitera behartzen du.
Euskal Herria, okupatua badago, aske ez bada, ezin da autodeterminatu, erabakitzeko ahalmena kentzen dion indar hori gainetik kendu arte, askatasuna lortu arte. Herriek, autodeterminatu ahal izateko, independenteak behar dute izan. Baldintza hori ezinbestekoa da.
Autodeterminazioa eta independentzia elkarrekin doaz beti.