Zapalkuntzatik askatasunera – 2.3. ARAZO NAZIONALAREN SOZIALTASUNA

“Emakume kolonizatua naiz. Erreparatu nire min bikoitzari. Erreparatu nire askatasun grinari. Nigan da emakume indiarra izatearen oinaze jasanezina”.

Gure Berriak

 

Arazo nazionalaren eta arazo sozialaren dikotomia –edo arazo bakarra bitan banatzea– izan da, eta gaur ere bada, gure askatasuna lortzeko dugun oztoporik handienetarikoa. Arazo nazionala dagoen herri batean, zapalkuntzak herri osoa harrapatzen du; horregatik da lehen arazo soziala. Askatasun goseak, faltak marrazten du marra gorria. Herri osoak –langileek zein enpresariek– izan nahi du aske, eta bat eginik borrokatu behar dute. Nahasturik gabiltza marra hori beste nonbait kokatzen badugu: gure etsaiak diren estatuetako ezkerrak zein eskumak nahi dute gure desagerpena; eurak ez dira banatzen.

Gure herrian kontzeptu horien inguruan dagoen dikotomia ez da oharkabean edo nahi gabe gertatutako zerbait. Aitzitik, modu interesatuan ezarri digute errealitatea aztertzeko begirada hori. Euren interesak bultzatuta, hainbat ideologok ezaugarri etnikoak edo nazionalak albo batera utzi dituzte klasea definitzean, eta gure artean sasi-marxismo hori onartu dugu. Dikotomian erori gara, eta horregatik zokoratu dugu arazo nazionala “eraldaketa soziala” deitzen dutenaren mesedetan. Sasi-marxismo horrek gure herritar askoren eraldatze ideologikoa ekarri du, emeki-emeki.

Estatu zapaltzaileen ezker zein eskuma saiatu izan dira bertako ezkerrarekin eta eskumarekin akordioak lortzen, bazterrak nahasteko, gure arteko zatiketa lortzeko eta independentziaren aldeko borroka zapuzteko asmotan.

Munduan ere askotan gertatu izan dira horrelakoak. Mao Zedong Txinako buruzagiak, adibidez, argi izan zuen marra gorria non zegoen Japoniak Txina inbaditu zuenean. Txinan ere baziren hango burgesia nazionala eta langileria japoniar inperialismoaren aurka ezin zirela batu ziotenak. Maok “ezkerreko” oportunistak zirela esan zuen, eta oso gogor kritikatu zituen. Baita Japoniaren aurkako fronte bakarra lortu ere. Arazo nazionalak jarri zuen marra gorria; arazo nazionala konpontzea izan zen herri osoa batzeko estrategikoa izan zen helburu bakarra.

Maoren Txinan bezala, askatasun nazionala da –eta askatasun nazionala eta indibiduala, herriarena eta banakoarena, banaezinak dira– frantziar/espainiar totalitarismoa gainditzeko behar adina indar biltzeko gai den helburu bakarra.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .