Bordari

Bordari hil zela berrogei urte dira aste honetan. Eta nor zen Bordari? Fernando Artola euskal idazlea, Hondarribian sortua.

Abertzale eta euskaltzalea izan zen, eta gerra piztu zelarik, 1936. urtean, Lapurdira alde egin zuen. Ordurako, zenbait egunkari eta aldizkaritan idazten hasia zen. Belokeko apaizetxean egon zen, besteak beste, eta han zebilelarik ezagutu zuen andre-beharra, Henriette Cornu.

Hondarribira itzuli zelarik, 1939. urtean, preso hartu eta kartzelatu egin zuten.

1950. urtean hasi zen berriro idazten, El Diario Vasco egunkari espainiazalean, euskal gaiak lantzen. Garai hartako euskarazko argitalpen gehienetan idatzi zuen zerbait: Arantzazun, Olertin, Bidasoan. 1961. urtean euskaltzain urgazle izendatu zuten.

Artikuluak idazteaz gain, poema eta bertso ugari ere ondu zituen, eta hizlari trebea zen. Bertsolaritzari ere ekarpen ugari egin zizkion, eta berak asmatu zuen kartzelako lana deitzen den ariketa (orain, ganbarako lana deitzen hasi dira).

Txomin Artola eta Urbil Artola musikarien aita eta aitona da, hurrenez hurren. Txomin semeak egindako kanta askoren hitzak Bordarik berak idatziak dira. Adibidez, Txakurraren partia kanta ezagunaren hitzak.

Gaur, Bordarik idatzitako eta Txomin Artolak musikatutako beste kanta bat ekarri dugu hona: Arrantzale erri.

Kantaurri itxas ertzean
Mendi liraiñez gordea
Ibai ta ibarrez betea
Euskeldun lur-aldea
Toki paregabea
Oberik ez da munduan

Kumeak segurtatzeko
Aske bizi dan xoriak
Erneak dauzka begiak
Kabi nai gutiziak
Oatzeko tokiak
Bear ditu pausatzeko

Mundu ontan bizitzeko
Euskoa orla zebillen
Ta iñor gertatu baiño len
Tokia aukera zuen
Geroztik gera emen
Giza libreok izateko

Goseak ez iltzekotan
ikasi zuten artzaintzan
Aldi berean arrantzan
Kantaurriko baratzan
Beste biderik etzan
Arraikia jatekotan

Asma zuten tresna ederrik
Atzemateko legatza
Ixurrezko amu-latza
Lokarri aberatsa
Berexiz zaldi isatsa
Naiz baden orain oberik

 

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 384 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .