Gazako sindromea

Banago ez ote garen, gurean ere, Gazako sindromea pairatzen ari; Gazan azkenaldian egiten ari diren sarraski izugarriak palestinar herriaren kontrako aspaldiko zapalkuntza gupidagabea ahantzarazten duen bezalaxe, euskararen kontrako gaurko erasoek ez ote duten Euskal Herriaren mendetako zapalkuntza gupidagabea ikusezin bilakatzen. Neurri batean, eta neurri batean bakarrik, ez ote diren dibertsio taktikak.

Gazaren aurkako eraso odoltsuek bertara zuzentzen dituzte fokuak, Zisjordanian dirauen ankerkeria erlatibotasunaren meandroetan diluitzeraino; goseteak eta laguntza humanitario oztopatuaren gaurko urgentziak inperialismo sionistaren ideia diskurtsoetatik desagerrarazteraino.

Euskarari egiten ari zaizkion eraso krudelek ere bertara deitzen eta mugatzen dute gure begirada, herriaren eskubide guztien urraketa, haren izatearen ukazioa eta gure herrialdearen bortxazko zatiketa politiko-administratiboa ahanzturaren putzu sakonean galdurik.

Gazaren eta euskararen arteko konparazioa hemen amaituko dut. Gazakoaren aurrean Free Palestine aldarrikatzen dugu. Noiz aldarrikatuko dugu, bada, Euskal Herria askatu euskararen kontrako erasoen aurrean? Zeren euskararen egoera herriaren eskubideen zapaltzearen eta nazio izaeraren ukazioaren sintoma besterik ez baita.

Ekaitz Bergaretxe.

Jatorrizkoa Berrian.

Print Friendly, PDF & Email
About gureberriak 423 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .