Abuztua da. Iratxen bildu gara Jurramendi igotzeko. Gudarienetik baino, gurutzeen bidetik (via crucis) ekiteko gomendatu digute. Berbagai, Gazako egoera. Israelek, genozidioa gauzatzeaz gain, honen kontaketa ere isilarazi nahi du: ia 300 kazetari erail ditu, Al Jazeerako Anas al-Sharif tartean. Bazekien Anasek bere herriaren alde egiteak zekarkion arriskuaz; eraila zenerako, idatzia zeukan mezua. Sarri aipatzen du Allah. Fededuna zen Anas.
Jurramendi gailurrera iristen ari gara. Jesu Kristo beltz bat dago milaka karlistaren bilgune izan zen mendian. Fededunak ziren; Zumalakarregi buru, herria defendatu zuten; askok bizia galdu ere bai. Anasek bezala. Bandera palestinarra konplexurik gabe haizatzen dugu. Beren izaera erlijiosoa ez da aitzakia. Beren gizarte eredua ere ez. Herri baten biziraupena dago jokoan.
Iruditzen zaigu, baina, bestelako betaurrekoz begiratzen diogula geure erresistentzia indarrari: independentzia garaietako Nafarroako Erresuma defendatu zutenak monarkikoak zirela; konkistatuak izan ondorengoak berriz: Zumalakarregi, fededuna; Arana, arrazista; abertzaleok, atzerakoiak; orain, berriz, euskaltzaleok burges pribilegiatuak omen. Zenbat “baina” gure borrokari! Zenbateraino asimilatuak gauden! Nondik datoz “baina” guzti horiek? Ideologikoki, ba ote da gure askapen borrokarako espainiar zein frantziar ezkerreko intelektual errepublikanoa baino iturri pozoitsuagorik?
Inshallah, Anas, palestinar belaunaldi berriek zuen borrokaren funtsa ulertu eta bere egingo duten! Israelek zabalduko duen pozoia irentsi gabe, zuen borrokari “baina”-rik bilatu gabe. Esana digu geuri ere Lauaxetak, eraila izan aurretik: dana emon bihar jako maite dan askatasunari.
Berriki Espainiako Vuelta gelditu dugu Bilbon, palestinarrekiko elkartasunez. Noiztik ez dugu, baina, Ebron geldiarazi? Urriaren 4rako manifestazio nazionala antolatu dute Palestinarekin Elkartasunakoek. Bandera nazionalik eramango al dugu palestinarrei elkartasuna adierazteko? Herri zapaldutik, elkartasuna herri zapalduari: Nabarratik, Palestinara.
Abuztura bueltatuz, nolatan baztertu genuen gudarien bidea, via crucis-a egiteko?
Iñaki Idigoras Igartua (Oñati) eta Jexux Agirresarobe (Usurbil)

