Nafarroa Behereko EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak kanpaldi bat antolatu du agorrilaren hondarrerako. Euskaltzale Independentisten Akanpada izendatu dute (EIA), eta Behorlegin eginen dute, hilaren 25etik 31ra.
Euskararen, justiziaren eta independentziaren aldeko borrokez gogoetatzea, euskaltzale independentisten arteko harremanak sakontzea eta euskaraz libertitzea eta naturaz gozatzea, hori da asmoa.
Egun guziz mintzaldi-eztabaidak iraganen dira, goiz eta arratsalde. Mintzalariak, bertzeak bertze, hauek dira: Intza Gurrutxaga, Iraia de la Torre, Ekain de Olano eta Gorka Torre. Eta mintzagaiak askotarikoak, euskararen aldeko borrokaren ingurukoak betiere.
Bertzelako jarduerak ere izanen dira: mendi-ibilaldiak, harrespilen eta trikuharrien behaketa, baratzezaintza, errekan bainatzea, pilota, futbola… Gau guziz, berriz, ELEA jaialdi akustikoa ere (kantaldi, kontzertu eta dantzaldiak) izanen da nahi dutenentzat. Azken egunean, bertso-bazkaria eginen dute Haira Aizpuru Ibargarai, Ramuntxo Christy Biscay eta Maddi Ane Txoperenarekin.
Euskaltzale independentista oro gomitatzen dute kanpaldira. Izenaren emateko eta xehetasunen jakiteko, idatzi nafarroabEHErea@proton.me helbidera.

