Espainiak, terrorismoaren gorazarrea egitea leporatuta, hamasei lagun auzipetuta dauzka 2022ko martiaren 13an Berangoko Ibai Aginaga preso politikoari ongietorria egiteagatik. Epaitzeko eguna ipini barik dago oraindino. Urte bi edo hiru arteko kartzela-zigorra eskatzen dute bakoitzarentzat. Hori ez eze, 75.000 euroko isuna eta hainbat urteko inhabilitazioa be bai.
Auzipetuek salatu dute eskubide zibil eta politikoak ezabatzeko eta ongietorriak kriminalizatzeko ahalegina egiten dabiltzala; beste bide batzuetatik ez dutela halakorik lortu eta “biktimak umiliatzeaz eta terrorismoaren gorazarrea egiteaz akusatuta” lortu gura dutela. Amnistia eskatzen dute.
Orain dela gutxi, bagilaren 23an, bertan behera geratu zen Kalera Kalera ekimenekoen kontrako epaiketa, hor auzipetutakoen defentsak, fiskalak eta akusazio partikularrak akordioa eginda. Euskal preso politikoen harrerak antolatzeaz akusatuta zegoen Kalera Kalera.
Auzipetuek, akordio horren arabera, delitu hauek egin izana onartu zuten kartzela saihesteko: talde kriminal bat izatea, biktimak umiliatzea eta terrorismoaren gorazarrea egitea. Eta zigor hauek ipini dizkiete, besteak beste: urte biko kartzelaldia (ez dute bete behar), isun ekonomikoa eta hezkuntzan jarduteko hiru urteko inhabilitazioa.
Berangoko auzipetuek diote ez dela lehenengo aldia ezker abertzalearen kontrako makroepaiketa politiko bat Espainiako Estatuaren kriminalizazio-tesiak onartuta eta akordioa eginda amaitzen dela: 04/08 auzia (Segurako sarekadakoa), 11/13 auzia (Herrira-ren kontrakoa) eta Kalera Kalera-ren kontrakoa.
Deigarria egiten zaie zelan onartzen diren Espainiako eta Frantziako estatuek Euskal Herria guztiz asimilatzeko inposatzen dituzten legediak eta zelan uko egiten zaion herri zapaldua altxatzeko eskubideari.
Haien esanetan, dena ETA zelako Garzónen tesia legitimatu du “ezker abertzaleak” hiru auzi horietan, eta bide eman du “Euskal Herriko langileriak eta beste sektore borrokalari batzuek zapalketa ororen kontra borrokatzeko daukaten eskubidea kriminalizatzeko”.
Eta, haiek diotenez betiere, erabaki politiko horiek arrazoitu nahian, ohiko bihurtu da erabakiok bizikidetzaren aldeko ekarpen gisa azaltzea edo auzipetuei entzutea bakea lortzeko edo indartzeko aurrerapausoak direla. “Baina bizikidetzarik (ezta bakerik be) ez da posible aldeen arteko harremana zapalketan oinarrituta dagoenean, hau da, zapaltzaile eta zapalduen artekoa denean. Zapalduak zapaltzaileagaz talka ez egiteko bere eskubideei uko egiten dienean, ez dabil bakearen eta bizikidetzaren aldeko ekarpena egiten, baizik eta zapalketa zuritzen du. Zapalketa bera ukatuz, zapalduak haren aurka altxatzeko eskubidea be ukatzen da”.
Berangokoek diote euren epaiketan be, gutxieneko eskubide demokratikoak jokoan egonda, ezin dutela onartu hurrengo belaunaldiak kaltetuago lagako dituen akordiorik. Ez ei dabiltza diktadura frankistatik datorren Auzitegi Nazionalaren barkamenaren bila; eskubide zibil eta politikoen aitortza eskatzen dute, “absoluzioa delako epai onargarri bakarra”.
Dei egiten diete Euskal Herriko beharginei eta beste herri-sektoreei eskubide zibil eta politikoen kontrako eraso guztien aurrean hausnartu, antolatu eta altxa daitezen.

