«La història es repeteix»

Enpresen akzioak, elikagaiak, lehengaiak, estatuen zor-jaulkipenak, dibisen arteko trukeen balioak… ugariak dira munduko burtsetan gaur egun salerosten diren aktibo motak.

Aktibo horien prezioak eskariaren eta eskaintzaren legeak mugiarazten (omen) ditu, gora edo behera. Eta, jakina, haietako edozein aktiboren joera aurrez ikusteko gai den inbertitzaileak etekina aterako dio bere diruari, bistan dena, baldin eta apustu egin eta asmatzen badu aurreikuspenetan.

Aktibo horien joera zein izango den asmatzea, beraz, ez da txantxetako kontua. Eta, gai garrantzitsua denez, ongi ordainduriko milaka profesionalek egiten dute lan horretantxe. Trader esaten zaie. Askotxo sinplifikatuz, euren lana apustu egitea da, aktibo batzuen alde edo kontra, baina apustu egitea. Apustu horiek egiteko, ahalik eta informazio gehien eskuratzen saiatzen dira, apustua itsumustuan ez egiteko. Informazio hori biltzeko, bi teknika nagusi daude: azterketa “fundamentala” deitzen dutena eta azterketa “teknikoa”.

Azterketa fundamentalean, enpresa jakin baten akzioak badira aztertu beharrekoak, enpresa horren galera-irabazien kontuari, egoera-balantzeari, bezeroen zerrendari, duen konpetentziari, jarduten duen merkatuaren osasunari eta beste hamaika konturi erreparatzen diete. Alegia, enpresak zenbaterainoko arrakasta izan dezakeen kalkulatzeko baliagarria izan dakiekeen edozein informazio esanguratsuri. Zentzuzko teknika bat dela dirudi horrela azaldurik.

Azterketa teknikoan, ordea, enpresa baten akzioak badira aztertu beharrekoak, ikuskatzen den gauza bakarra akzio horien prezioen eboluzio grafikoa da (zenbait adierazlerekin batera). Are gehiago, trader askok nahiago dute ez jakin zein enpresarena den aztertzen ari diren grafikoa. Grafikoari erreparatuz soilik erabakitzen dute akzio hori saldu edo erosi egin behar ote duten. Eta erabaki horiek hartzeko orduan darabilten premisa garrantzitsuena da historia errepikatu egiten dela. Alegia, prezioek joerak dituztela eta iraganean izan diren joeraaldaketak errepikatu egingo direla probabilitate handiz.Adibide bat jartzearren: bere prezioa gorantz doan akzio bat 8 euroko prezioa gainditu ezinik ibili bada pare bat aldiz, oso litekeena da goranzko joera horrek amaiera izatea eta akzioaren prezioak behera egitea. Bitarte horretan enpresa horrek inoiz izan duen eskari-kontraturik onena sinatzen duela? Azterketa teknikoari bost axola! 8euroko erresistentziarekin tupust egiten badu berriz ere, aktibo hori saldu beharrekotzat joko du, eta beheranzkojoera bat hasiko dela iragarriko. Horrela azalduta, ez dirudi oso zentzuzkoa, ala? Ba, sinetsi edo ez, inbertsio edo pentsio funts pribatu handiek halako argudioak erabiliz darabilte zuon dirua.

Azterketa molde antzekoa baina eremu erabat desberdinean zerabilen pertsona bat ekarriko dugu orain hona: Alexandre Deulofeu kataluniar botikaria. Pasa den mendeko 40ko hamarkadan, kataluniar horrek iragarri zuen Alemaniak mendea Europa dominatuzamaituko zuela. Alemania gerraren ondorioz ia erabat suntsituta zegoela, eta sekulako zorra zuela, nola ausartu zitekeen bat horrelako pronostikoa egitera? Deulofeuk ere «la història es repeteix» zioen, eta iraganeko zibilizazio eta inperioen bizitza zikloak aztertuz, historia errepikatu egiten omen zenez, iragarpenak egiten zituen kalkulu matematikoetan oinarrituz. Historiaren matematikaren sortzailea izan zen. Baina zorotzat hartu zuten, jakina.

Burtsara eta azterketa teknikora itzuliz, oso erabilia den adierazle bat Fibonacciren zuzenketa da.

Fibonacci XII eta XIII. mendeen artean bizi izan zen matematikari pisar bat izan zen. Zenbakien serie bat aurkeztu zuen berak, Fibonacciren seriea esaten zaiona. Seriearen osaketa oso sinplea da:

0 eta 1 zenbakietatik hasiz, jarraian datozen zenbakien batura da seriea. Alegia:

0 + 1 = 1

1 + 1 = 2

2 + 1 = 3

3 + 2 = 5

5 + 3 = 8

8 + 5 = 13

13 + 8 = 21

Seriea, beraz, 0, 1, 1, 2, 3, 5, 8, 13, 21, 34, 55, 89, 144, 233, 377, 610, 987, 1597… da. Eta bitxikeria bat baino gehiago du. Ezagunenetakoa serieko zenbakien arteko zatiketarena da:

1 / 1 = 1

1 / 2 = 0,5

2 / 3 = 0,667

3 / 5 = 0,6

5 / 8 = 0,625

8 / 13 = 0,615

13 / 21 = 0,619

21 / 34 = 0,617

34 / 55 = 0,6181

55 / 89 = 0,6179

Zatiketa horien serieak 0,618 zenbakirantz jotzen du, urrezko ratioa esaten zaion zenbakirantz.

Kontua da ratio hori eta haren alderantzizkoa (1,618) naturan, arkitekturan, artean eta biologian aurki ditzakegula besteak beste, eta ez beti nahitako erabaki baten ondorioz, naturalki ere bai askotan. Atenasko Partenoian eta piramideetan aurki genitzake, baina baita gizakiak inolako eraginik izan ez duen beste zenbait egituratan, hala nola landareen hostoetan, itsas oskolen kiribiletan eta Esne Bidearen eta beste galaxia batzuen espiraletan. Zenbakiok, beraz, naturaren oreka moduko bat islatzen dute nolabait, eta unibertsoko arlo ugaritan dute eragina. Hortik abiatuta, finantzamerkatuetako zenbait ikerlarik euren teorietara ere ekarri zituzten ratiook. Honela, Fibonacciren zuzenketaren arabera aktibo batek gorakada edo beherakada bat izan ostean, kontrako norantzan egin dezakeen zentzuzko zuzenketa maximotzat aurreko joera horren % 61,8 jotzen da.

Azterketa teknikoan aintzat hartzen den beste premisa bat zenbaki borobilen garrantziarena da. Aktibo bat 3,00, 5,00,8,00 edo antzeko prezio borobil baten inguruan denean,aparteko arreta eskaini ohi zaio. Zer esanik ez 10 edo 50 eta antzekoetan. 3,26 edo 9,65 bezala borobilak ez diren prezioetan, ez da halakorik gertatzen. Txorakeria dirudi,ezta? Ba, izan ala ez, kontua da arreta jartzen zaiola horri ere.

Historiara itzuliko gara orain. Gure herrian urteurren garrantzitsu eta borobil bat hurbiltzen ari zaigu, datorren urtean 500 urte beteko baitira Amaiurko defendatzaileek amore eman behar izan zutenetik. 2022an izango da urteurren hori. Hortaz, 1200 urtean hasi zen amesgaiztoak, aurten ezerk ez badu konpontzen, datorren urtean 822 urte beteko ditu.

822 zenbakiaren % 61,8 507 urte dira. Eta 1522ri 507 urte horiek gehituz gero, 2029an kokatzen gara. Fibonacciren urrezko ratioak 2029. urtea seinalatzen ote digu amesgaiztoaren amaieratzat?

Burua galtzen ari ote naizen pentsatuko du batek baino gehiagok. Egiari zor, azterketa fundamentala aplikatuko banio gai honi, piper-hautsik ere ez nuke apustu egingo gure alde. Politikan esanguratsuak diren kontuetan, ezin gintezke askoz okerrago egon. Guztiguztietan erabat galdurik dakusat herri hau.

Baina azterketa teknikoari helduz gero? Fibonacciri eta zenbaki borobilei erreparatuz gero? Politika, zientzia izanik, artea ere bada, eta zoriak badu bere esatekoa halakoetan. Batek daki…

Gure botikariak iragarpen gehiago ere utzi zizkigun 1940-1950 hamarkadan:

“Britainiar eta frantziar inperioek zenbait kolonia galduko dituzte”

Jugoslavia zatitu egingo da”

“SESB (Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna) desegin egingo da”

“Japonia potentzia handia bilakatuko da”

Zorotzat hartu zuten ia guztiek, baina ezin esango dugu bete-betean asmatu ez zuenik!

Baina bada beste iragarpen bat, guri askoz gehiago interesatzen zaiguna, espainiar inperioari heriotzadata zehatza jarri baitzion: 2029. urtea. Harrapazank!

Deulofeu hitzak katalanez Jainkoak egin zuen esan nahi du, eta Erdi Arotik erabiltzen omen zuten deitura horigurasoak nortzuk ziren jakitea ezinezkoa zen kasuetan.

Baina, aizue, iragarpen hain ausartak egin eta betebetean asmatu ondoren, haren deituraren esanahi literalean sinesteko moduan ote gara, bada?

Asmatuko ote du espainiar inperioaren desagerpenaren datarekin ere? Zergatik ez?

Fibonacci eta Deulofeu, Deulofeu eta Fibonacci, konbentzitu nauzue. Gutxienez beste zortzi urtez eutsi behar diogu esperantzari. Zortzi urte, ez da horrenbeste. 829 urteko amesgaiztoaren %99 pasa dugu.

Ez etsi, eutsi!

 

Mikel Erauskin.

 

*Frantziar inperioa, gazteagoa izaki, beranduxeago desagertuko dela iragarri zuen Deulofeuk. Baina desagertuko da hura ere.

*Deulofeuri buruzko dokumental interesgarria, hemen.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 384 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .