Dolu-eguna

Laurehun urte gaur. Paueko ediktu puta hori! 1620ko ediktuaren bidez, Frantziako Erresumak Nafarroa Beherea anexionatu zuen urte hartako urriaren 20an, Euskal Herriari gelditzen zitzaion azken zati subiranoa, bortxaz anexionatu ere. Horrekin, errematea eman nahi izan zioten Nafarroako Erresumari.

Hona zer dioen Frantziako errege Luis XIII.ak izenpetu zuen ediktuak: “Guk, guhauren autoritate subiranoaren manuz, bateratu egiten dizkiegu Nafarroako Herria eta haren koroa Frantziako gure koroari eta domeinuei, ezabatu gabe bertako foru, libertate eta zuzenak, zeintzuk atxikiko baititugu, egoerak ez baldin bagaitu haien ezabatzera behartzen betiere. Orobat nahi eta manatzen dugu hemendik goiti Nafarroako Parlamentuko ordenantza, agiri eta prozedurak izan daitezela frantses lengoaiaz emanak”.

Alferrekoak izan ziren Pierre Lostau Nafarroako Parlamentuko presidenteak kexatzeko idatzi zizkion hitz egokiak. Laurehun urte, beraz.

Euskal Herri osoa konkistatu zuten, bai, baina menderatu ez: dolu-egun izendatu dute Euskal Herri guztian gaurko eguna. Ikastolak itxita egongo dira egun osoan, eta eskola-umeak etxean geratu dira (aurretik ondo landu dute gaia ikastoletan, eta ez dago orain dela laurehun urte gertatutakoaren berri ez dakien umerik); denda gehienak ere itxita daude, eta jendeak bezperan egin ditu erosketak; ogirik ere ez da saltzen gaur; ez dira gutxi Euskal Herrian, baita Euskal Herritik kanpo ere, egun osoko baraualdia egiten ari direnak; egunkaririk ere ez dago gaur, euskarazkorik behintzat; Arrosa sareko irratietan eta bestetan, guztiek bat egin dute eta hileta-musika baino ez dute emititzen; ETBn, Hamaika telebistan, Goienan, Kanalduden eta zenbait herri telebistatan, eguneroko programazioa alde batera utzi dute, eta Pierre Lostau Nafarroako Parlamentuko presidenteak eta Étienne Poverel Nafarroako Estatu Nagusien sindikoak bere garaian plazaratutako hitzak irakurtzen ari dira behin eta berriz, etengabe, 24 orduz, txandaka (Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egiten ari dira irakurraldia; oraintxe amaitu du Andres Urrutia Euskaltzaindiko buruak, eta Garbiñe Biurrun epailea hasiko da; Urtzi Urrutikoetxearen txanda izango da gero, Kirmen Uriberena ondoren…); Donapaleuko Herriko Etxean, Nafarroako bandera baino ez da ikusten gaur, masta erdian, eta herri askotan, etxeetan, gure herriko banderak jarri dituzte, dolu-xingola eta guzti; kirol-ekitaldirik ere ez da izango gaur*; bertso-saiorik eta kantaldirik, hain gutxi; antzerkirik ere ez; Jean-René Etchegarayk, Andoni Ortuzarrek, Iñigo Urkulluk, Arnaldo Otegik, Uxue Barkosek eta beste politikariek ez daukate beste konturik ahotan, 1620ko ediktua ez denik; Gernikan, hamabi- hamabietan, sirena entzunaraziko dute eta kalean dabilen jendea gelditu egingo da minutu batez…

Ez daukagu ahaztuta, ez, egun beltz hura.

*Espainiako Vuelta abiatzekoa zen gaur, Irundik, baina bart arratsean irundarrek su eman diete antolatzaileek han jarrita zeuzkaten hainbat azpiegiturari eta RTVEren bi kamioiri. Bertan behera utzi behar izan dute lehenengo etapa, eta bihar abiatzea erabaki dute, baina Espainiatik, Burgostik zehazki.

Aitor Mendiola (Donostia)

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .