Ez dute Euskal Herritarrek erabakitzen!

Frantses amorratua izateagatik eta ikastolen kontra egiteagatik ezaguna egin den Guy Poulou Ziburuko auzapezak “ez dute euskal herritarrek erabakitzen” adierazi zuen Ziburu Biziren galderaren ondotik.

Bere ahotik zaborra entzuteaz ohitua nintzen arren, oraingoan zoritxarrez arrazoi osoa eman behar diot. Biziki ongi azaldu baitu, hitz gutxitan, begi bistakoa dena: Ziburun bezala Euskal Herri osoan ez dutela Euskal Herritarrek agintzen.

Espainiako eta Frantziako estatuek dute agintzen Euskal Herrian. Eta ez gaitzatela engainatu: hirigune elkargoa edota autonomia estatutuarekin eskumen gutxi batzuk deszentralizatu dituzten arren, etsaiek agintzen segitzen dute.  Oroitu, bestela, zer gertatu den osasun krisi garaian Katalunian eta Euskal Herrian… Espainiak eskumenak berreskuratu dituela… Edo orain dela urte batzuk Euskal Herritar batzuek Uztaritzen agindu nahi izan zutenean euskararen ofizialtasuna aldarrikatuz… Frantziak nork agintzen duen oroitarazi zuela.

Euskal Herritarrok erabaki ez dezagun, Frantziak okupazio poliziala, kulturaren ordezkapena eta bere sistema politikoa inposatzen dizkigu. Tradizio koloniala segituz, frantses bilakatu nahi gaitu. Ez ditugu ahantzi behar 1846an prefetak erran zituen hitzak: «Nos écoles au Pays Basque ont particulièrement pour objet de substituer la langue française au basque».

Horretarako, Korsikan eta Kanakian bezala, populazio mugimenduak bultzatzen ditu, eta nazio zapalduko herritarrak gutxiengo bilakarazten. Gaindegiak 2013an jadanik ohartarazi zuen XILABAko biztanleen %42 ez zela bertan sortu; adierazgarriak dira Miarritze (%61), Angelu (%51) eta Baionako (%51) datuak. Denak frantsesak ez diren arren, etorritakoen %75 osatzen dute, eta bistan da horrek eragina duela nazio kontzientzian.

Zorionez, etortzen direnetako batzuk berehala ulertzen dute bizi dugun egoera, eta euskara ikasteaz gain nazio askapen borrokan inplikatu direnak ere badira. Baina orokorrean ez da hala, ez dugulako horretarako indar eta medio nahikorik.

Frantziak asimilaziorako bitarteko guziak erabiltzen ditu eta egoera larria da. 200 urtetik gora itxoin behar izan dugu gure lurraldea soilik modu sinbolikoan marraztua izateko. Eta ezin dugu beste horrenbeste denbora itxaron Frantziak karitatez emanen dizkigun ogi papurren zain.

Horregatik, pozez hartzen ditut Urruñan hilabeteko lehen larunbatero 19:30ean “independentzia” lelopean eginen diren elkarretaratzeak. Eta bertan parte hartuko dut, denbora gure kontra baitoa eta argiki aldarrikatu behar dugulako berezkoa zaiguna!

Ez dezatela erran, ez dezatela erraterik izan Kantauriko hegian herri bat izan zela.

 

Unai Villacorta, Urruña.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .