Zapalkuntzatik askatasunera – 5.5. HEZI, IKASI, IRAKATSI

“Pedagogia hezkuntzaren zientzia da; hortaz, independentziaren heziketa politikoa behar dugu herri honetan”.

Pako Aristi

 

Aurreko ataletan, independentzia lortzeko beharrezko diren bi jardunbide aipatu ditugu: indarrak, baliabideak eta helburuak modu egokian lotzeko politika egin beharra, batetik, eta eguneroko bizimoduan independentzia desioa sortu, ikasi, irakatsi eta hezi beharra, bestetik. Bi jardunbide edo behar horiek elkarri uztarturik doaz; gainera, gogora dezagun “pedagogia” esaten zaiola hezkuntzaren zientziari. Hortaz, biak lotuz gero (politika + heziketa), esan genezake heziketa politikoa edo pedagogia politikoa premiazkoa dela independentziara heltzeko.

Independentzia arrotz egiten zaigu. Haren alde onak zabaldu beharrean, haren aurkako teoriak plazaratzen dira, kezkak, beldurrak: gure ekonomia hondoratu egingo dela, pentsiorik jasotzeko adina diru ez dugula izango, industria makaldu egingo dela, eta abar. Beldurra diogu independentziari, edo kezka eta ziurgabetasuna eragiten digu, behinik behin.

Har ditzagun, bada, munduan albistegietako gaia izaten diren arlo edo protagonista batzuk: kirolariak, zientzialariak, idazleak, aktoreak, zinemagileak edo sukaldariak, esaterako. Ospea izaten dute eta ezagunak dira munduan. Hala ere, euskaldun direnak ez dira agertzen euskaldun gisa, espainiar edo frantziar gisa baizik.

Ez al dugu minik sentitzen hori ikusten dugunean? Ez al litzateke hobe euskaldun dena euskaldun gisa agertzea munduan? Independenteak bagina, ez litzateke horrelakorik gertatuko.

Kirolaren munduan edo idazleen artean ospetsua den norbaitek independentziaren alde hitz egiten edo idazten duenean, oso arraroa begitantzen zaigu. Baina horixe da independentziaren aldeko pedagogia egitea. Batzuk prentsaurrekoetan azaltzen direnean, besteek liburuak idazten dituztenean, beste batzuek pelikula bat edo antzerki obra bat estreinatzen dutenean, zergatik ez dute agerian uzten euren pentsamolde euskalduna –hots, espainiar edo frantziarra ez dena–, independentea?

Sukaldaritza erabiliko dugu adibidetzat: Hay tres españoles entre los 10 mejores restaurantes del mundo” da entzuten den notizia (“munduan, hamar jatetxerik onenen artean, hiru Espainiakoak dira”). Bi euskaldunak dira, eta hirugarrena, katalana. Independentzia bagenu, zera esango lukete: “Dos restaurantes vascos entre los mejores restaurantes del mundo” (“Euskal Herriko bi jatetxe munduko jatetxerik onenen artean”).

Industria-gizon eta -emakumeen talde bat azalduko balitz hemen prentsaurreko bat ematen eta honako hau esanez, independentziaren aldeko gogoa piztuko lioke askori: “Espainia eta Frantzia zama ekonomiko bat dira gure ekimen industrialarentzat, zama ikaragarria. Beheraka tiraka ari zaizkigu, eta hondoratzen ari gara. Independentziarekin, gu goian geundeke enpresaburu gisa”.

Mundu osoan barreiatuak dauden giza laguntzaile euskaldunek, honako hau esaten hasiko balira, independentziaz zer pentsatua emango liokete askori: “Ez, gu ez gabiltza jendea laguntzen Espainia eta Frantziaren izenean; gure herria Euskal Herria da eta independentzia lortu nahi dugu”.

Horrela egiten da independentziaren aldeko pedagogia politikoa: poliki-poliki, alor askotan eta egoera askotan. Horrela sortzen da desioa jendearengan eta, bidenabar, indarra bideratzen. Film bat ikusteko, futbol partida batera joateko edo jatetxe batean bazkaltzeko desioaz gain, independentziaren aldeko gosea ere piztuko lukete.

Herritar asko dago espainoltzat edo frantsestzat jotzen dutenean bere euskal herritartasuna garbi adierazten duena. Independentziaren aldeko pedagogia politikoa egiten ari dira, dudarik gabe. Hainbat gaitan erreferente direnek ere horixe egingo balute, ospetsuak diren askok eta askok –bakoitzak bere arloan– bakar batzuk ausardiaz independentziaren alde egiten ari diren pedagogia politikoa egingo balute, oso eraginkorra izango litzateke.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 384 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .