“Euskal Herria okupatua dago eta autodeterminazio eskubidea du, hots, independentzia nazionalerako eskubidea”

Komunikabide honek Aberri Egunerako deialdi baten berri jaso zuen duela aste batzuk. Deialdia egin zuen taldeak gure arreta bereganatu zuen horretarako erabili zuen komunikatuaz, gaur egun ezohikoak diren terminoak zerabiltzalako. Hori dela eta, interesgarritzat jo genuen elkarrizketa bat egitea. Gonbita egin, eta hau izan da haren emaitza:

 

1.- Lehenik eta behin, zeinek osatzen duzue Euskal Erresistentziaren Aldeko Herri Ekimena?

Ekimena independentzia helburu dugun eta asimilazioaren aurrean erresistentzia ezinbestekoa dela pentsatzen dugun abertzaleok osatzen dugu. Batzen gaituena Euskal Herriaren nazio askapenari ematen diogun lehentasuna da,baita egungo egoera politikoaren diagnostiko orokor berbera ere.

2.- Urtero bezala, deialdi gehiago ere izango dira Aberri Egunerako. Zer dela-eta deialdi berri hori?

Ikusten genuen Aberri Eguna pixkanaka indarra galduz zihoala, alderdi jakin batzuek beren interes elektoralista propioak elikatzeko erabiltzen zutelako. Eta, gainera, beren eguneroko politika autonomistari urtean behin ukitu “abertzalea” emateko baliatzen zutela. Bahituta daukaten sentipena genuen, haren jatorrizko esanahia desitxuratzen ari zirela.

Aberri Eguna zerbait izan bada, herri honen askatasun deiadarra izan da, eta aldarri hori berriz ere plazaratu nahi dugu, alderdien interesen gainetik.

3.- “Euskal Herria okupatua dago eta autodeterminazio eskubidea du, hots, independentzia nazionalerako eskubidea”. Era xinple bezain argian azaltzen duzue zertan den gure herriaren arazoa.

Bai horixe. Zapalduta egon arren, aske izateko dugun eskubidea aldarrikatu behar dugu, inolako konplexurik gabe. Egun hain modan dauden eufemismoez gaindi, gauzak diren bezala azaltzeko beharra ikusten dugu, Herria nahasi eta lokarrarazten duten diskurtsoak alde batera utzita.

4.- Euskal estatua egituratzeko deia egiten duzue. Zertxobait azaltzerik bai ideia hori?

Herriari antolatzeko deia egiten diogu. Askatasuna ez zaigu estatu zapaltzaileen instituzioetatik etorriko inondik ere; kontrara, edozein kasutan, zapaltzailearen eta Herriaren arteko indar harremanen ondorio izango da. Borroka hau epe luzekoa dela jakitun, funtsezkoa da, Herria indartu dadin, euskaldunok ildo egoki baten inguruan antolatzea. Azpimarratu nahi duguna da antolakuntza hori gure boterea eratzera bideratu behar dugula, gure estatu propioaren egituraketara, eta ez estatu arrotzen izaera erreformatzen saiatzeko ahaleginetara.

5.- “Erresistentzia” aipatzen duzue. Zenbaitek amaitutako fasetzat jotzen du erresistentziarena…

Etsaiak horrela nahiko luke. Okupaturik gauden bitartean erresistentzia egon behar du nahitaez, bestela Herria hiltzera doan seinale. Gure hizkuntzak atzeraka jarraitzen du, ikur nazionalak eta Herriaren memoria lekuak jazarriak dira, euskaldunoi errotik ukatzen zaizkigu gure naziotasuna eta askatasuna. Ezin ditugu “bakearen” eta “elkarbizitzaren” diskurtso pozoituak irentsi, erabat asimilatuak izan eta desagertu nahi ez badugu.

6.- Bukatzeko, libre sentitu azken hitza esateko.

Euskal Herria krisian dago. Gu, abertzale gisa, ez gaude prest gure aberriaren zapalkuntza onartzeko eta agonia motel bat otzanki pairatzeko. Guk, egoera irauli nahi dugu, eta aurtengo Aberri Eguna nazio askapena berreskuratzeko behar dugun indar, batasun eta estrategian urrats bat izan dadin ari gara lanean.

Beraz, dei egiten diogu abertzale zintzo orori, apirilaren 12an Pausu-Behobiara joateko.

 

*Jarraian, deitzaileek helarazitako komunikatua eta zenbait argazki.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .