1813. urtea: infernua Lapurdin

Joan den agorrilaren 29an, Eneko Bidegain kazetari, ikertzaile eta Mondragon Unibertsitateko irakaslearen mintzaldi baten entzuteko zoriona ukan nuen Donostiako Herriko Etxe zaharraren azpiko gelan. Donostiako Banderarako estropada-eguna bazen ere, gela mukuru betea zen, 1813. urteko kontuek pizten duten jakin-minaren seinale.

Donostia Sutan ekimenekoek antolatu zuten mintzaldia. Erran dezadan, bidenabar, Donostia Sutan ekimena donostiar talde batek sortu zuela, 2012an, Donostian 1813an egiaz gertatu zenaren aditzera emateko. Haiei esker orain gehiagok dakigu, hain segur, eta hobeki, orduko berri. Dagoeneko, aski ezaguna da urte malapartatu hartan Donostian gertatua; ez, ordea, Lapurdin gertatua. Eta horretaz mintzatu zitzaigun, justuki, Bidegain jauna. Hona, labur, kontatu ziguna.

Testuingurua

Europa guzian agintzea zen Napoleon Bonaparte Frantziako enperadorearen xedea, zuzenean edo haurride baten bitartez agintzea. Hala, Madrilen Josef anaia ezarri zuen agintean. Baina Frantziako armadak Portugalgo, Espainiako eta Ingalaterrako armadak zituen parez pare, eta horiek, nagusiki Wellington gidari zutela, Josef Bonaparte handik egoztea erdietsi zuten, eta Frantziako armada gibelera egitera behartu zuten. Gibelera egin behar horretan, Euskal Herritik ere iragan ziren, eta gudu sonatuak izan ziren, bertzeak bertze, Gasteizen eta Soraurenen. Donostiako agorrilaren 31ko sarraskia ere testuinguru horretan kokatu behar dugu. “Sarraskia ez zen abuztuaren 31n gelditu”, ordea.

Infernua

Frantziako armadak Orreagan, Amaiurren, Beran sarraskiak eginak zituen, aberastasunak ebatsi zituen eta emakumeak bortxatu. Horren guziaren oihartzuna Lapurdira eta Nafarroa Beherera heldu zen, eta, bistan dena, ikaratuak ziren.

Milaka soldadu eta funtzionario, haien familiak, haien zaldiak eta abar heldu ziren Lapurdira, presaka, esku-hutsik, aliatuengandik ihesi, eta, horien guzien mantentzeko, dena hartzen zieten Lapurdiko jendeei (idiak, artoa, garia, baita itzainak ere). Lapurtarrek lehenago ere komeriak zituzten berentzat behar bezainbat sortzeko, eta, horrekin, berez larri zeudenak oraino larriago geratu ziren. Abereak hil zizkieten, altzariak kendu erregai gisa erabiltzeko, 35 labe hartu ogi egiteko, etxeak erre: herria bipildu zuten, lumatu, eta herritarrak deus gabe utzi zituzten.

Kalteak

Ainhoan, etxe gehienak xehatu zituzten frantsesek, eta Herriko Etxeko altzariak eraman zituzten eta suntsitu. Saran, 105 etxe bipildu zituzten eta 27 erre, eta 37 etxaldetako abereak eraman, hil edo zauritu zituzten. Ezpeletan, etxeak eta oihanak erre zituzten, eta uzta guzia galdu zen. Uztaritzen, mahastiak suntsitu zituzten eta hamabi zubi bota. Haltsun, bazkarik gabe utzi zituzten, bi etxe erre eta 37 andeatu. Kanbon, hamar etxe erre zituzten eta 36 suntsitu. Itsasun, dozenaka etxe kaltetu ziren, eta, itsasuiarrentzat zorigaitzean, frantsesen ondotik espainolen erasoa etorri zen…

Kalte horiek sei hilabetean gertatu ziren, Napoleonen soldaduek sei hilabete egin baitzituzten Lapurdin (sei hilabeteko infernua lapurtarrendako), eta ondoko hamar-hogei urtean jasan zituzten ondorioak herrietan. Lapurdi miseria gorrira kondenatu zuten.

Orduan, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko herritarrendako zer ziren Frantziako armada, Frantzia eta Napoleon? “Etsaiak, mamuak, eta ez ziren identifikatzen haiekin”.

Frantziako armada ahul zen, eta, haren indartzeko, jendeak hartzen zituzten Guardia Nazionalerako, baina euskaldunek ez zuten sartu nahi izan horretan, eta anitzek desertatu zuten. Horrek erakusten du Napoleonek eta Frantziako armadak ez zutela lortu euskaldunek haien borrokarekin bat egitea.

Hazilean, Bidasoko gudua izan zen, eta ingelesak Lapurdin sartzeko prest ziren. Errobiraino heldu ziren gau batean. Frantziako armadak gibelera egin zuen ingelesak Lapurdin sartu eta. Wellington beldur zen lapurtarrek ingelesak gaizki hartuko ote zituzten, Frantzian sartu zelakoan, baina ongi etorri ziren elkarrekin: bukatu ziren lapurretak, bukatu ziren suntsiketak… Maitasun-harremanak ere sortu ziren ingelesen eta neska euskaldunen artean. Ingelesen okupazioak, beraz, arnasa hartzeko parada eman zion Lapurdiri.

Zorigaitzez, espainiarrak eta portugaldarrak sartu ziren ondotik, eta frantsesak bezala jokatu ziren. Espainiarrak mendeku gosez jokatu ziren.

Ohi baino heriotza gehiago

Frantsesek ez bide zuten inor hil beren okupazioak iraun zueno, baina Frantziako armadaren okupazioaren ondoko hilabeteetan, 1813. eta 1814. urteetan, 5.800 lagun gehiago hil ziren bertze urteetan baino. Hona hemen zenbait herriren datuak (Lapurdi 1609 elkarteko kide batek bilduak) xeheki, urtez urte, konparatzeko:

Urteak
Herriak
1810 1811 1812 1813 1814 1815 1816
D. Lohizune 85 71 73 154 243 40 37
Ziburu 14 49 28 87 140 20 28
Azkaine 19 19 25 55 83 11 12
Sara 31 47 59 68 125 20 21
Senpere 46 44 59 86 99 47 21
Uztaritze 30 45 48 78 173 14 23
Milafranga 26 15 13 29 111 8 16
Luhuso 9 3 12 12 34 7
Hazparne 50 98 97 113 254 58 85
Orotara 310 391 414 682 1.262 225 243

 

Mintzaldia bukatu aitzin, Bidegain jaunak gure historiako bertze bi gertakari ekarri zituen gogora, Lapurdik eta Euskal Herriaren ipar-ekialdeak denbora gutian Frantziaren mendean pairatu dutenaren erakusgarri: batetik, hondamendi handi hau baino hamar bat urte lehenago nola erabat hustera behartu zituzten Lapurdiko zenbait herri (Ainhoa, Azkaine, Sara…) eta 4.000 herritar Landetara deportatu zituzten eta nola haietarik 1.600 hil ziren; eta, bertzetik, nola ehun urteren buruan, Lehen Mundu Gerlan edo haren ondorioz, Euskal Herriaren ipar-ekialdeko 6.000 lagun inguru hil ziren.

Gehiago jakin nahi dezanak aski du esteka honetan sartzea: hor ikusten ahal du Bidegain jaunaren mintzaldia oso-osorik.

Teo Etxeberri
(Donibane Lohizune)

Oharra: eskertu nahi ditut Gure Berriak webguneko kideak, 1813. urtean Lapurdin gertatu zena eta Bidegain jaunak kontatu ziguna plaza eder honetan kontatzeko parada emateagatik, orduan gertatu zena gehienendako ezezaguna baita eta zabaltzea eta jakitea merezi duelakoan bainago.

 

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .