Zapalkuntzatik askatasunera – 5.4. AMESTU

“Innovation is possible and occurs whenever people are willing to go to the trouble of doing things the hard way” (Berrikuntzak egin ezinik ez dago: herritarrak gauzak bide zailetik egiteko lana hartzeko prest daudenean gertatzen dira).

Howard S.Becker

 

Bizitzan lortu nahi ditugun gauzak desiratu egin behar ditugu lehenik. Desio hori fabrikatu egiten da, landu egiten da. Jendearengan zerbait lortzeko desioa pizteko, lehen-lehenik berba egin behar da zerbait horretaz. Publizitatea hori besterik ez da: jendeari gauza bat ezagutaraztea. Gauza bat ez bada erakusten, ez bada horretaz hitz egiten, jendeak ez du ezagutuko, eta ezagutzen ez dena ez da desiratzen.

Zerbait lortu nahi duenak hori lortzeak dakartzan onurak entzun edo irakurri ditu nonbait, edo helburu hori lortu duen norbait ezagutu du, eta pentsatu du berari ere hori lortzea komeni zaiola, edo hori lortuta nola legokeen imajinatzen hasia da dagoeneko.

Gure herriak mendeak daramatza besteren mendean. Atzo konkistatuak izan bagina, askoz ere biziagoa genuke askatasun desioa. Baina zapalkuntza egoera ez ikustera ―ezta sentitzera ere― ohitu gaituzte denborek eta, batez ere, “agintarien” jokaerak eta arestian aipatutako “sorgin gurpilak”.

Ez da argi hitz egiten okupazio eta mendekotasun egoeraz. Espainiako Estatuaz hitz egiten dutenean, esaterako, “estatuaz” hitz egiten da, gurea balitz bezala. Independentzia aipatzen denean, urrutikoa eta geroratu beharrekoa balitz bezala azaltzen da, konpontzeko premia handiagoa duten beste “arazo” batzuk ditugula esanez.

“Independentzia urrun dago, urrunegi… ez dago” dioskutenez, euskaldunoi independentziaren grina itzaltzen ari zaigu; desioa, baina, poliki-poliki egiten da, eguneroko pedagogiaren bitartez, interesgarri, inportante, giltzarri, funtsezko eta urgentetzat aurkeztuz. Independentziaren onurak aireratu behar ditugu, independentzian hobeto biziko gara eta. Gure arazoei inork ez baitie geuk baino hobeto aurre egingo. Gure ekonomia, hezkuntza, euskara… dena egongo da gure modura antolatuta. Dudarik egiten al du, bada, inork Espainiaren eta Frantziaren mendean baino hobeto biziko garenik?

Norbaitek sortu eta zabaldu behar du desio hori. Herritarrok egin beharko dugu lan hori, independentziaren desioa, grina, irrika eta nahia baitira independentzia lortzearen aurrekoak. Amets egitea sanoa da; ametsa betetzea, are sanoagoa.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .