Ane Ablanedoren hitzaldia Zarauzko Modelo aretoan (Ekainak 4, 19:00)

HEZIKETA LIBREA HERRI MENDERATUAN

“Askatasuna da bizitza duin baterako baldintza, edo kalitatezko bizimoduaren ezinbesteko kualitatea. Askatasunak bizitzan jokatzen duen garrantzia hain da erabatekoa , non eztabaidaezina gertatzen baita haurrei ere askatasuna dagokiela. Hazteko, bizitzeko, garatzeko. Beraiena baino ez den bizitza horren autore bilakatzeko. Beren buruaren jabe bakar izateko. 
 
Askatasuna eta baldintzamenduaren arteko dialektika ez da beti, dena dela, kontu erraza. Egia da heldu bezalako gure jardunari kendu egin behar diogula haurren bizitza bideratzeko eta baldintzatzeko dugun gehiegizko borondatea eta inertzia hori. Baina askatasuna ez da bakarrik eragin nahi ez izatea, egiturazkoak diren askatasun-urraketak non diren erakustea ere galdegiten baitu, askatasun-printzipioen araberakoa izan nahi duen heziketa—eta bizitza—batek. Errealitateak ez direlako inoiz neutroak, baliorik gabeak, inmakulatuak edo inozenteak. Eta zer esanik ez gurea bezalako herrietan, izatea hain modu sakonean baina kamuflatuan ukatua duten horietan, alegia. 
 
Hitzaldian zehar, haurrek benetan libre hazteko—eta bizitzeko—haurrek behar dituzten klabeez mintzatuko gara, askatasunaren printzipioez, euskal komunitatean sano txertatzeko beharrezkoak diren jakintza eta gaitasunez, euskal hezitzale bezala horretan ditugun funtzioez eta ardurez. Hizkuntza eta kulturaren aferaz. Heziketan modu batean ala bestean dabilen orori izan dakioke interesekoa, izan guraso, hezitzaile, irakasle, bidelagun, edo besterik gabe, gure komunitateko heldu.”
 
Hitzaldia Zarauzko Modelo aretoan Ane Ablanedoren eskutik. Ekainaren 4an, 19:00tan hasita.
 
Ane Ablanedo (Iruñea, 1973) unibertsitateko irakaslea da ogibidez, baina, egungo hezkuntza sistemarekin oso kritikoa izanik, pedagogia berritzailean prestatzailea ere bada. Horretaz gain, gure herriaren egoeraren inguruan diskurtso politiko zorrotza bezain kritikoa du.
Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .