Joxe Manuel Odriozola – Espainiaren batasuna nahi dugu

Guk ere Espainiaren batasuna nahi dugu. Kataluniarik gabeko Espainiaren batasuna nahi dugu. Hego Euskal Herririk gabeko Espainiaren batasuna. Galiziarik gabekoa. Eta ez gaude batere ziur hiru nazio hauek Espainiatik erauzi ondoren geratzen den Espainia guztia Espainia denik. Baina, tira, oraingoz, bego horretan.

Guk Espainiari nazio izaera onartzen diogu, gutako batzuek onartzen ez badiote ere. Nazioaren jatorriak batzuetan oso beltzak dira, eta hori da Espainiaren kasua, baina, hala ere, espainiar sentitzen den herritarraren nazio identitatea ukatu ezin den egitate bat da. Espainia, beraz, ez da Estatu bat bakarrik, nazioa ere bada. Eta espainiar sentitzen denak eskubide osoa dauka bere naziotasunaren ezaugarri eta identitate-balioen baitan bizitzeko.

Salvador Cardúsek zioen espainiarrek arazo handi bat daukatela: alegia, “ez dakite gu gabe bizitzen”. Ez dakite katalanik gabe, euskaldunik gabe eta galiziarrik gabe bizitzen. Zergatik gertatzen ote zaie hori? Nazioartekotasuna praktikatu nahi dutelako ala nazionalismo inperialistaren ideologiak bizi dituelako? Ez dirudi nazioen arteko elkartasunaren eta berdintasunaren printzipioa aplikatu nahi dutenik; Katalunian gertatua, lekuko.

Nazioen arteko harremanetan berdintasunaren printzipioa aplikatu beharrean, berdinetik berdinera beraien nazio eskubideak besteoi ere opa ordez, nazio espainolaren nagusikeria nahi du espainolismoak. Hartara, espainola, espainola bakarrik izan liteke, baina katalana ezin da katalana bakarrik izan. Hegoaldeko euskalduna eta galiziarra ere ezin dira beren nazio identitatearen ezpalekoak bakarrik bizi. Besteon nazio identitatea ez da iristen nonbait beraien kategoria gorenera, eta hiritar aske eta demokrata izateko espainolak ere izan behar dugu nahitaez.

Espainolak ezin dira gu gabe bizi. Gauza aski jakina da, ordea, maitasunak batzuetan hil egiten duela. Bikote batzuetan gertatzen dena gertatzen zaio espainolismoari: bikotekidea mendean nahi duela, eta, behar izanez gero, jota txikitzeko prest dagoela. Kataluniako esperientziak horixe erakusten digu.

Badago arrazismo biologiko bat, arraza zuriaren supremaziaz ezagutzen duguna, non arraza zuriak arraza beltzaren gaineko nagusikeria legitimatu nahi izaten duen. Orobat, badago arrazismo linguistiko, kultural eta nazional bat, zeinaren ustez hizkuntza bat, kultura bat, historia bat, lurralde bat, naziotasun bat,  besteak baino legitimoagoa  den. Espainolak gu gabe bizi ezin badira, esan berri dugun moduan, ez da guri diguten maitasunagatik, gurekin askatasunaren, aniztasunaren eta berdintasunaren giza eta gizarte balio demokratikoak partekatu nahi dituztelako-edo. Ez, nazionalismoaren bertsio txarrenaren ideologia itsuak sinetsarazten die espainoltasuna berez neutrala edo demokratikoa dela.

Ideologiak batzuetan sinetsi nahi duguna sinetsarazten digu, nahiz eta aurkako frogak begien bistakoak izan. Espainolismoa ideologia itsu horrexek gidatzen duen jokamolde zapaltzaile gisa defini dezakegu.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .