Lozorrotik ametsera

Lozorroan, zorroan lo. Hala omen daukagu gure azukre koxkorra; zoritxarrez, gainera, itsaso zabalean pixkanaka-pixkanaka urtzen ari da; olatuen aparrek gozorik ez, eta gazi bihurtu dute azken urteotan Karrantzatik Tuterarainoko erresuma zaharra.

Krisialdi ekonomikoak gure etsaietako bat jipoitu zuenean, guri geuri ere sekulako belarrondokoa eman zigun, berriz sekula gertatuko ez zitzaigulakoan. Poltsikoa hustu orduko, baina, ikusmira hodeiz bete zitzaigun, iparra galtzeraino. Horren lekuko izan genituen, adibidez, iazko abenduaren 20ko eta aurtengo ekainaren 26ko hauteskundeak. Gaur egun, euskaldunok noranzko egokirik ez dugunez, ahal dugu hego haizeak ero bilakatu ditu milaka eta milaka jende. Benetako erokeria da, ordea, edozein hego haizek gure independentziaren mesederako zerbait ekar dezakeela sinestea.

Hori gutxi ez, eta Ipar Euskal Herriko sendiak Herri Elkargoa sortzekoak dira. EAEko sasiegitura, nonbait, eredutzat hartu, eta barrez lehertuko dugun beste antzoki bat eraikiko dute. Ez al dugu nahikoa gaitasun gure teilatuari harrika dihardugula ohartzeko?

Herria bera desagerrarazi dugu, horrenbeste aldiz aldarrikatu dugun lurraldetasuna txikitu dugu: alde batetik, puskatu, eta, bestetik, osotasunean duen handitasuna ttipi egin. Geronen aurkaririk gaindiezinena gara. Geure burua zuritu eta etengabeko akatsak ez onartzearren, Espainiako eta Frantziako komunikabideek elikatzen gaituzte. Ustez euskaldunontzat sortu ditugun egunkari, irrati, aldizkari eta abarrak gero eta arrotzagoak zaizkigu. Zergatik? Iparrorratza ezegoki jartzen dugulako une oro. Nortasuna mintzen ari zaigu, identitatea ezkutatzen, izan zirena amildegiaren ertzean ziraldoka dabilkigu. Eurenganatu egin gaituzte.

Bestalde, une honetan, ez dugu nazioa –bat– lehentasuntzat jotzen duen alderdirik, estatua –bakarra– ezinbestekotzat daukan politikaririk. Herri-mugimenduak izan dira maiz arestian aitatutakoen ordezko, tipularen bigarren azal. Izan, baditugu horretan ari direnak: Gure Esku Dago, Independentistak sarea… Nolanahi ere, horietako askok eta askok erabakitzeko eskubidea dute abiapuntu, jomuga. Hau da, mugak jota, astinduta.

Euskal Herria badela, bagarela onartuko badugu, lehenik eta behin, ikas dezagun ez dugula deus ere eskatu behar, eta, bigarrenik, hala bada, historiari erreparatuta sei lurraldeak bat badira, Erdi Aroko arbasoei zor diegula utzi ziguten ondarea berreskuratzea.

Zama astuna daramagu bizkarrean. Baina etorkizuna eraikitzen lagunduko diguten gazteei karga hori zenbaterainokoa izan den adierazi behar diegu, azaldu egin behar diegu zerk eragin duen mende luzeetan barrena pairatzen ari garen gatazka. Hori bai, korapiloa betiko askatzeko, helduokin batera, ardurak eskaini behar dizkiegu. Utz diezaiogun, bada, gurea ez den sistema batean jokatzeari, mota guztietako hauteskundeetan besterik gabe parte hartzeari, eta has gaitezen buru-belarri gure sistema eraikitzeko lanean, lo seko daukaguna irrintzika iratzarri eta behin betiko esna ametsetan murgil gaitezen!

Markel

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .