Benetako bidaiaren hastapena

Eskoziako porrotaren albisteak, duela hilabete Benito Lertxundik irratiko elkarrizketa batean iragarri zuenak, Marcel Proust-en esaldi hau ekarri dit gogora: «Benetako aurkikuntza dakarren bidaia ez da paisaia berriekin hasten, begi berriak edukitzearekin baizik». Eskozia: leku bat, non, jendeak dependentzia hautatu duen, Ingalaterraren morroi izatea, besteen esku eta besteen mende uztea bere etorkizuna. Eskozia: erabaki bat, zeinekin jendeak espetxe ekonomiko, politiko eta kulturalean bizitzen jarraitzea erabaki duen, petrolio-enpresa, banketxe, troika eta Europako botere tiranikoen esklabo.

Independentzia lortzeko bidean erabakitzeko eskubideak dauzkan ahuldadeak ikusita, bere matxura guztiak begien aurrean jarri zaizkigunean, banuen itxaropen izpi bat gure arteko politiko eta iritzigileek euren ikuspuntua aldatuko ote zuten, baina aspaldiko susmoa indartu baino ez zait egin.

Herri hau kolapso ideologikoaren ertzeraino iritsi delakoan nago; politikoki pentsatzeari uko egin diola, eta bere burua bota duela pentsalari profesionalen eskuetara, eskuineko zein ezkerreko stablishment-aren onurak defendatu eta handik bazkatzen direnen gogoeta akritikoen lainopera. Mezu bakarra hedatu baita: Eskoziakoa ona izan dela, eredugarria, demokraziaren garaipena, lezio bat guretzat. Lezio bat guretzat? Munduaren aurrean negargarri geratu direnean, Europako estatu guztietako barre algarak entzuten direnean? Noiztik da porrota lezio bat politikan? Kasu batean soilik: zer ez duzun egin behar ikasteko orduan.

Hori erakutsi baitu Eskoziak: Europan, estatuen egungo egoera desorekatzailean, ez dela posible independentzia bozkatuz lortzea. Hemen, aldiz, bozka emateko deseatzen dago jendea, ohartu gabe ere gure mesedetan erabil ditzakegula uste dugun lege horiek gero eta gehiago hondoratzen gaituztela Espainia zein Frantziako legediaren lokatzetan. Bozka emateko irrikitan daude jarraian, biharamunean bertan, logika izpirik gabe Espainiaren defizit demokratikoa salatuko dutenak, kontraesanaren ariketa publikoa burutuz aurpegiko zirkinik ere mudatu gabe.

Herri hau shock ideologikoan dagoela esaten badut, hori da politika irabazteko egiten dela ahaztu zaiola azpimarratzeko. Josep Pererak dioen bezala, bi erreferendum mota daude, irabazten direnak, eta galtzen direnak. Irabazten direnak behin independentzia aldarrikatu ondoren deitutakoak dira, zeure arau propioetan eta zeuk erabakitako erroldan burutuak, hartutako erabaki bat nazioartean zilegiztatzeko. Galtzen direnak independentzia aldarrikatu gabe burututakoak dira, kolonizatzailearen errolda, arau eta kontrolpean eginak. Lehen bidea hartu zuten Kroaziak, Esloveniak, Lituaniak, Letoniak, Norvegiak eta beste askok. Bigarrena, aldiz, Quebec-ek eta Eskoziak.

Erreferendum batek ez baitu ezertarako balio bere erabakia aplikatzeko botererik ez badaukazu. Erreferendumak ez dizu aurrez eskuratu ez duzun botererik ematen. Trebiñuko bi udalerri nagusiek iaz bozkatu zuten Gaztela-Leondik bereizteko erabakia, baina egoerak berdin dirau. Zerbait falta zaie, nonbait.

«Zer da boterea?», galdetu izan didate maiz hitzaldietan: sistema politiko propio batek ematen dizuna. Eta hau zer da? Hierarkia instituzionalaren gailurrean zuk sortutako (edo berreskuratutako) erakunde bat egotea, inori baimenik eskatuko ez diona. Egoera horretan soilik berma litezke boterearen (izen hori merezi duen bakarraren) bi ezaugarri nagusi: batetik, boterea zure helburu propioak gauzatzeko eta lortzeko ahalmena da; bestetik, boterea etsaiari inpotentzia eragiteko sistema bat da, Lluís Vicent Aracilen hitzetan. Horra gure mendekotasuna erakusten duten bi paradigma: ez dugu botererik, ez daukagulako gure helburu propioak gauzatzeko ahalmenik, eta arerioak era guztietako inpotentzia ezartzen duelako gure ekimen guztietan.

Magia dirudi, ezta? Bada, munduan badira 198 nazio hori egikaritu dutenak, eta horien artean, a priori, dozenaka daude gu baino eskasagoak zirenak maila guztietan.

Erabakitzeko eskubidearekin zortzi bat baino ez dira askatu. Planteatu dezagun ekuazio xume bat orain: Pieza bat ekoizteko orduan, esago baligute 190 enpresek sistema batekin egin dutela, eta zortzik beste batekin, zeinak akatsak dauzkan eta aldika pieza matxuratuak egiten dituen, ez al genuke lehen sistema aukeratuko? Horixe bilakatu da estatuen mundua: 198 sistema politikok monopolizaturiko soberania eremua, bertara heldu nahi luketen partaide berriei sistema matxuratu bat ezartzen diena, inoiz hel ez daitezen. Hala ere, estatu berriaren grina omen daukatenak sistema onena matxuraduna dela aldarrikatzen ikusten ditut! Eta ez fiatu elkartasunean, nazio bat estatudunen klubean sartu orduko bihurtzen baita anti-independentista: ikusi ditugu Obama, Frantzisko aitasaindua edo Vargas Llosa, zeinen herriak Ingalaterratik eta Espainiatik askatu ziren, Eskozia eta Kataluniaren aurka hitz egiten.

Ni ere bozkatzeko deseatzen nago, bai, baina ez Espainiarekin ez Frantziarekin zerikusirik izango duten legeen babesean; bozkatzeko irrikitan, baina nire askatasuna bermatu eta sakonduko duen sistema politiko propio batean.

Badugu garaia irabazleen errezetak jarraitzen hasteko, eta ez galtzaileenak. Independentzia aldarrikatu, ezarri, defendatu eta bozken bidez legitimatu ondoren, euskal konstituzio berrian klausula bat ezar dezakegu, non unionistek, hamar urteren buruan, erreferendum bat antola dezaketen, horretarako gehiengo parlamentarioa lortuz gero, berriro Espainiaren baitan sartzea baimenduko lukeena. Egin dezatela haiek lana horretarako, jendea konbentzituz estatuaren makinaria guztiaren aurka. Guk, bitartean, gure herria gobernatuko dugu. Demokrazia eredugarria izanen da gurea, irekia, integratzailea, era guztietako aspirazioekin ulerkorra. Hori da benetako hegemonia. Existitzen den bakarra munduan.

Egia da begiak ikusteko prestatua dagoen hura soilik ikusten duela. Hori aldatu arte ez da ezer funtsezkorik aldatuko Euskal Herrian.

http://www.berria.eus/paperekoa/1832/031/003/2014-10-05/benetako_bidaiaren_hastapena.htm

alberts-quote

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .