ALDAKETA NAFARROAN

Heldu dela dirudi; Euskal Herriaren etsaien esku hainbat legegintzaldi igaro ondoren, heldu da, itxuraz, aldaketa garaia. “Alderdi abertzaleak” daude “agintean”. Benetakoa al da, ordea, aldaketa hori? Espainiako leku batzuetan ere izan dira aldaketak. Berdin aseko  al dituzte aldaketa goseak han eta hemen egingo diren aldaketek?

Zapaldua dagoen herri batek duen arazorik larriena aske ez izatea da. Arazo hori erabakien zentraltasuna gurera ekarriko duen aldaketa estruktural batek soilik konpon dezake, indar harremanen benetako aldaketa batek. Hori ezinezkoa da etsaiaren legalitatean eta erakundeetan gureak balira bezala jokatuz.  Gure erakunde propioak eraiki behar ditugu. Behin-behinekotasun izaera duten aldaketak, urte batzuen buruan desegingo direnak, ez dira estrategikoak, ez dira askatasuna lortzeko baliagarriak.

Begira dezagun zeintzuk diren aldaketa gauzatuko dutela dioten buruzagien asmoak.

Uxue Barkos: “Gutxieneko akordio programatiko bat, sendoa, eta nafarren benetako urgentzien alde borrokatuko den akordio bat.”

EH Bildu erabakitzeko eskubidea akordioan sartzen saiatuko da, baina gaur Araizek adierazi du “garrantzitsua eta lehentasunezkoa bereizi” behar direla eta hura gai “inportantea” dela, “oso inportantea”, baina “lehentasunezkoa” da aldaketa egin nahi duten lau alderdiek oinarri programatiko batzuk finkatzea, aurre egiteko “ciudadanía”-ren beharrei (“batzuk urgenteak dira”).

Izquierda-Ezkerra eta UGT de Navarra: “politika sozialak eta ezberdintasunaren aurkako borroka lehenetsiko dituen aldaketa”.  

Radio Euskadin Adolfo Araiz-i egindako galdera: Gobernu berriak pausoak eman behar al ditu Arabarekin, Gipuzkoarekin eta Bizkaiarekin bat egiteari buruz?

Adolfo Araiz: “Ez, ez dut uste hori denik une hauetan Nafarroak duen lehentasuna. Nafarroak lehentasun sozial oso garrantzitsuak ditu; (…) legegintzaldi honetan zehar, eta hurrengoetan ere —espero dezagun—, noizbait heldu beharko zaie EAErekin izan beharreko harremanei”.

Asmoak asmo eta lehentasunak lehentasun, erakunde horietan egin daitezkeen aldaketek ez dituzte Espainiaren interesak kolokan jarriko inoiz, kontua ez baita erakunde horiek kudeatuko dituztenen asmoak zenbaterainokoak diren, benetako boterea Espainiak duela baizik. Euskararen egoera ere, agian, aldatuko da epe baterako, baina Espainiak ez badu nahi, ez. Azken hitza beti baita etsaiarena euren erakundetan. Ez dira alferrik eurenak.

Lehentasun sozialak gizarteari dagozkion lehentasunak dira, eta Euskal Herriak duen lehentasun soziala independentzia lortzea da; horretarako beharrezkoa den boterea beste leku batean dago, ez erakunde horietan.

Espainian ere izan dira aldaketak; lehentasun sozialei helduko diete han ere. Baina lehen arazo soziala, independentzia, gainditua dute; guk ez, ordea. Hala ere, eurek bezala, euren erakundeetatik egin behar al dugu guk benetan behar dugun aldaketa? Askatasunean bizi den Espainiako zati bat  bagina bezala?

Mikel Antza Etxegoien

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .