Kolaboratzea

(nahita edo nahi gabe, jakinaren gainean edo oharkabean, baina kolaboratzea azken batean)

Inperialismoak, herri bat menperatzeko, herri horren parte baten kolaborazioa, laguntza eta saldukeria behar ditu, non eta ez duen herri hori guztiz sarraskitzen edo kanporatzen.

Herriei kanpotik erasotzen zaie eta kanpotik erasota hondatzen dira, baina barrutik eraisten dira eta barrutik hondoratzen.

Gure herrian, zenbait alderdi eta antolakunde abertzale, subjektiboki edo objektiboki, ezinbesteko partaide dira zeregin horretan. Hainbat arrazoi daude horretarako: gaitasun-falta, ergelkeria, korporatibismoa, apetaren araberako burokratismoa, exhibizionismoa, handinahikeria, ustelkeria, oportunismoa, kolaborazionismoa, gaizkidetasuna eta saldukeria. Egitezko edo de factoko instituzionalistek, azkenean, bere egin dituzte okupazio-erregimenaren suposizio estrategikoak, baina suposizio estrategiko haietan ez dago lekurik, ez salbabiderik, askatasunentzat, demokraziarentzat eta bakearentzat.

Estrategia eta taktika, biak, helburuei, bitartekoei eta dauden trabei buruzko erabakimen autonomoan oinarritu daitezke bakarrik. Estrategia eta taktika egokiak izateko, sen kritikoa behar da, ekimena behar da, asmamena behar da eta berritzen eta eraberritzen jakin behar da. Ezin dira izan zapalkuntzari eta haren kontzesio, inposizio, debeku eta probokazioei unean-unean ematen zaien erantzun automatiko bat. Batzuetan, ustezko oposizioak, debekatzen diotena egiten ari delakoan, agintzen diotena egiten du (aztertu egin beharko litzateke inperialismoak, halako amorrua eta ezinikusia izanda, ez ote dituen bultzatzen eta sotilki gidatzen erresistentziako liderrak eta buruak).

Instituzionalista abertzaleak, bai era batekoak eta bai haien aurkariak,  inoiz ez dira prest egon herri honen beraren ekarpen bat bera ere onartzeko, baldin eta kontrolatzen ez badute. Aitzitik, prest agertu dira nazio menderatzailearen infiltrazio politiko eta ideologiko oro barneratzeko.

Horretan ez dago gatazkarik haien artean.

P.D. Ez gaituzte engainatzen hitzekin; haien ekintzei erreparatu behar zaie.

Jesus Etxeberria

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 383 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .